2013/11/19
ESKERRIK ASKO BIHOTZ-BIHOTZEZ!!
Aipatu bezala, urriaren 11an Oionen izan genuen bertso-poteoa. Bertan, urriaren 26rako iragarrita zegoen saiorako gonbitea luzatzea zuen helburu. Bost bertsolari izan ziren kantari eta 30 bat lagun tabernaz-taberna adi-adi entzuten: Arrate Illaro, Sebastian Lizaso, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta izan genituen koplatan. Halere, beterana gazte bat ere "espontanea" gisa animatu zen: Edurne Azkarate. "Exzedentzian" zegoela eta ez zegoela Lizaso ibili zen bere atzetik xaxatzen eta azkenean Edurnek erantzun. Txandriotarroi dagokionez, hotz samar hasi arren, saioa aurrera joan ahala bere mailara hurbiltzen hasi ziren, Damas tabernan txapelduna nor izango ote zen mintzagai izanik ale politak utziz. Garai tabernan agurren txanda zela eta zortziko handian ibili ziren elkarri eskerrak emanez.
Urriaren 17an, berriz, IKA euskaltegiarekin elkarlanean Ruben Sanchez bertsolariak saio didaktikoa eskaini zuen Txapelketa Nagusiko kontuak aitzakia hartuta. Hamabost lagunen aurrean primeran azaldu zuen Oiongo saioan izango ziren gora-beherak.
Eta azkenean egun handia iritsi zen: eskerrik asko urriaren 26a data ahaztezina bezain hunkigarria egiteagatik. Zazpiehun lagun bueltan izan ginen Arroio I frontoian "hitzaren kirol nazionalaz" gozatzen, non eta Arabako Errioxan... Eskerrik asko bertsozale, Oiongo herriko plaza, egun batez behintzat, erabat euskaldun bihurtzeagatik. Ahaztu gabe, noski, errimekin gozarazten artistak diren sei bertsolari handiak ere, estimatua dago.
Eta ez gara nekatuko eskerrak emateaz ametsak egia bihurtu duzuen guztioi... eskerrik asko bihotz-bihotzez.
Zailtasunak zailtasun, Txandrio bertso eskolako kideontzat bultzada handia izan da aurrera egin dezagun. Plazan edo bertso-afariren batean elkar ikusiko dugulakoan, laster arte!!
Saioari buruzko informazio gehiago:
http://www.bertsozale.com/oion
2013/10/21
Datorren larunbatean bertsozale guztiok Oionen izango dugu zita
2013/10/08
Arabako Errioxako bertso agenda: badator txapelketa!!
Ikasturtea inoiz baino fuerteago hasi dugu. Urria potente-potente eta Arabako Errioxa bertsozaletzeko gogoekin.
Hasteko urriaren 11an Oionen bertso-poteoa izango dugu txapelketa girotzeko aitzakian: Egaña iragarrita zegoen arren, data erratze bat dela medio, bere ordez, Sebastian Lizaso ekarriko dugu gurera. Arrate Illaro bizkaitarra ere Oionera dator eta txandriotarrok ere bertan kantari izango dira bi bertsolari "handi" hauengandik ikasteko eta gozatzeko gogoz. Hau guztia iluntzeko 19:30tan plazatik abiatuta eta Oiana trikiti taldeak girotuta izango da.
Urriaren 14an, berriz, bertso-eskolaren aurkezpena egingo dugu arratsaldeko 18:30tan Oiongo IKA euskaltegian. Animatu, faborez... harrobia behar dugula...animo gazteak!!
Ostegunean, urriaren 17an, Ruben Sanchez izango dugu Oiongo Bazterra aretoan bertso-saio didaktiko bat eskainiz: bertan txapelketaren nondik norakoak, ofizioak, puntuatze-sistemak eta abar hamaika adibideekin azalduko ditu.
Eta noski, galdu ezin den zita urriaren 26an izango da Oiongo Arroio I frontoian. Arratsaldeko 17:30tatik aurrera Txapelketa Nagusiko seigarren kanporaketa ospatuko da. Finalerdietarako txartelak zein bertsolarik eskuratuko dituen erabakiko duen saioa, hain zuzen. Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Maddi Sarasua, Miren Amuriza, Iratxe Ibarra eta Manex Agirre izango dira kantari.
Buf!! Eta bukatzeko azaroaren 2an Eskuernagan Bertxoko sariketaren saio bat ospatzeko prestaketan gabiltza, baina hori txapelketa nagusiko "ajea"ren ostean kontatuko dizuegu zehatz-mehatz... lagunok hitzen zirimola dantzan dugu jada, has dadila festa, jaia, jarana eta txandrioa... euskaratik eta euskaraz...
IKASTURTE BERRIA BERO-BERO: TXANDRIOTARRAK BUELTAN GARA!!
Uda bukatu zaigu eta udaberria hasi bezain pronto txandriotarrak bueltan gaude. Uda beroa izan dugu: lasaia, baina mutu ez gara egon. Gasteizko jaietan Orlando ibili zen kantari Aihotz plazan Andra Mari Zuria ere ernegatu zen: kristolako saioa burutu baitzuen Ruben Rolando Sanchez, Andoni Egaña eta Julio Soto bertsokideekin besteak beste.
Hori gutxi balitz, Oiongo jaietan bertso-poteo itzela izan zen: TXANTRIOATARRAK Felipe Zelaietarekin batera ibili baitziren koplatan OIANA trikiti taldearen laguntzarekin. Segidillak eta guzti entzun ziren Garai tabernan.
Eta uda "lasaiari" amaiera emateko, Lantziegon izan zen bertso-afaria: Orlando, Unai eta Iker izan genituen ordu t'erdi luzez librean kantari: astronautak, martzianoak, Porrotx, Lantziegoko ardo goxoa eta "La Paloma" hizpide izan zutelarik. 40 bat lagunen aurrean umore saio majoa burutu zuten. Ta halaxe izaten dira txandriotarron oporrak, lasaiak, baina aspertzeko betarik gabe.
2013/06/27
Txandriotarrak Lantziegon
Animatu zaitezte eta bertsoekin gozatu!!
2013/06/18
Ostiral honetan Maeztun bertso afaria... eman egurra Orlando!!
"Arabako Bertso-eskolek 11 opari" aitzakia hartuta Jon Ruiz de Pinedo, Iker Pastor Rodriguez, Irati Anda eta Orlando Arreitunandia izango dira kantari. Animatu zaitezte giro ezinhobea izango baita!!
2013/05/29
Txandriotarrak Mendabian bertso tailerrean "maisu"
Mendabiako euskal asteburua aitzakia harturik txandriotarroi deitu gintuzten bertso-tailerra emateko. Dozena bat lagunen aurrean Orlando eta Iker ibili ziren bertsolaritzaren nondik norakoak azaldu nahian. Azalpen sakonik ez zuten izan behar lanean hasteko, ikasle azkarrak izan baitziren: errimekin jolastu ostean zortziko txiki pare ederra sortu eta kantatu zuten. Gai-jartzaile lanetan jarri eta "maisuei" kantuan jarri arazi zieten saiotxo majoa eginez. Gogotsu eta gustura bukatu genuen bertan izan ginenok. Bejondeizuela Mendabia!! Txandriotarron partez esker ona eta plazer handia.

