2013/05/29

Txandriotarrak Mendabian bertso tailerrean "maisu"





Mendabiako euskal asteburua aitzakia harturik txandriotarroi deitu gintuzten bertso-tailerra emateko. Dozena bat lagunen aurrean Orlando eta Iker ibili ziren bertsolaritzaren nondik norakoak azaldu nahian. Azalpen sakonik ez zuten izan behar lanean hasteko, ikasle azkarrak izan baitziren: errimekin jolastu ostean zortziko txiki pare ederra sortu eta kantatu zuten. Gai-jartzaile lanetan jarri eta "maisuei" kantuan jarri arazi zieten saiotxo majoa eginez. Gogotsu eta gustura bukatu genuen bertan izan ginenok. Bejondeizuela Mendabia!! Txandriotarron partez esker ona eta plazer handia.

2013/05/27

Alazne eta Ibai Petritegin Hitzetik Hortzeraren kontura.




Hitzetik Hortzera telebista saioaren azken programa Petritegi sagardotegian egin zuten denboraldian zehar izandako hainbat protagonistekin. Txandriotarrak bertan izateko aukera izan genuen eta Alazne eta Ibai izan ziren gure "enbaxadoreak". Aitor Mendiluze eta Jon Maia izan ziren kantari kupelen artean. Txotx!, txuleta eta sagardoaren bueltan bertsoak entzungai. Gustura ibili ziren gure gai-jartzailea eta soinu teknikaria sagardotegi giroan. Datorren denboraldian Hitzetik Hortzera ETBn ikusgai izango delakoaren esperantzaz, laster arte Artano eta konpañia!!

2013/05/23

Euskal Kultur Asteburua Oionen (maiatzak 31 eta ekainak 2)



Ttiki-ttaka, Arabako Errioxako euskaldunon elkarteak EKA (Euskal Kultur Asteburua) antolatu du. Aurten, Oionen ospatuko da eta oso eskaintza zabala egin dute ume, gazte zein helduek parte hartzeko euskaraz eta euskararekin gozatuz.


Txandriotarrok ere bertan izango gara gure bertso kontuekin eta "txandriokeriak" lau haizetara zabalduz. Igandean eguerdiko 13:00tan Oiongo plazan bertso-saioa izango dugu: Oihane Perea, Iker Pastor, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta bertsolariak Arantxa Sobrino gai-jartzailearen esanetara jarriko dira. Oihane Perea eta Iker Pastor Lautadatik etorriko dira haien bertsokera zoragarriarekin saio ederra egiteko asmoz. 

Beraz, badakizue, hitza, errima eta doinua entzungai izango dira berriz ere, Arabako Errioxan... ANIMATU!!







2013/05/13

Txandriotarrak Eskuernagan primeran!!

Maiatzaren 10an Orlando, Unai eta Iker Eskuernagan ibili ziren "Oiana" trikiti eta pandero taldearekin batera (Oion eta Biana izenen nashaketa). San Torkuato jaien hasiera eguna zela eta, aitzakia ederra zuten txandriotarrok Eskuernagako tabernak girotzeko. Eta hala izan zen: plazan hasi ziren giro lasai batean, baina Sotera tabernara heldu orduko zirikatzeko gogoa eta ondo pasatzeko asmoa nabarmen hazi zen. "Guantanamera" doinua lagun kopla saio ederra egin zuten eta trikiti kuadrillatxoak ederki girotu zuen tabernan zegoen gizaki bakoitza. Kikoren tabernan, berriz, "Hegan noa" doinu "runberoarekin" jendea "palmak" ematen eta anbientea topera. Plazara bueltatu orduko "zazpi jauzi" erraldoia dantzatu zuten plazan makina bat jendek eta plazako tabernan eman zitzaion bi ordu inguruko bertso-triki-poteoari punturik altuenean, alkateak ere entzun behar izan baitzituen txandriotarron eztenkadak "Egun da Santimamiña" doinuan. "Beste bat" eta guzti eskatuta eskuernagarrek txalo zaparrada ederra eskeini zieten bertso-trikititiriteroei. Saio polita eta jendeak gozatzeko aina eman zuen, beraz, hamaika opari eraman eta hamaika txalo jasota bueltatu ziren txandriotarrak etxera bueltan.




2013/05/06

Txandriotarrak Eskuernagan maiatzaren 10an

Txandriotarrak Eskuernagan izango gara maiatzaren 10an bertso-poteoan. Iluntzeko 20:00tan hasiko da jarana, beraz, ez galdu. Zatoz!!