2013/03/21

Txandriotarrak Hitzetzik Hortzeran

 Aurreko larunbatean, Arabako bertsolari txapelketako finalaren egun berean hain zuzen, Jon Artano eta bere taldea izan genituen bisitari. Goizeko 10:00tan hitzordua genuen jarrita Oiongo plazan. Bertan, bertsolaritza aitzakia hartuta, hamaika kontu izan ziren hizpide: Arabako Errioxan euskararen egoera, gertutasuna edo hain urruti izatearen abantailak edo kalteak, saioak, txapelketak... (Korrika bera ere izan genuen eztabaidagai).
Hamaika kontu mikro eta kamaren aurrean, baina baita planotik kanpo eta "off the record"-en ere hainbat pasadizu eta anekdota kontatu ziren.
 11:30ak aldera bartuloak jaso eta Eskuernagarako bidean jarri ziren ETBkoak. Han Orlando zuten zain. Upategian egindako elkarrizketan ardoa eta bertsogintza elkar nahastu eta badirudi "maridaje" ederra egin zutela. Gerora estu eta larri ibili ziren: Gasteizera joan baino lehen Abornikanotik pasatu beharra zuten, Abel Enbeitaren baserritik. Halere, arratsaldeko 17:30tarako Printzipal antzokiko atarian zeuden bertsozaleok osatutako ilara luzea filmatzen eta finalean izandako nondik norako guztiak behar bezala jasoz.




Ostiral honetan iluntzeko 21:00tan ikusgai ETB1an eta errepikapena igandean 15:00tan. Beste aukera bat EITB nahieran webgunean

http://www.eitb.com/eu/telebista/programak/hitzetik-hortzera/ 

2013/03/20

Arabako Errioxako korrika - martxoak 23: Denok Ziekora

Aurtengoa Korrika urtea da. Korrikako 18. edizioa, baina ez da bigarren aldiz jarraian Arabako Errioxatik pasako, ezta Vianatik (Nafarroa) ere. Hori dela eta, Arabar Errioxako Korrika antolatu da, martxoaren 23an abian jarriko den egitasmoa. Bi zutabetan antolatuta (bata Bastidatik eta bigarrena Bianatik abiatuta), Guardian elkartu eta Ziekoraino joango da Korrika. Bertan, harrera eta jaia antolatu da... ika,ika, ika Errioxan Korrika!! info gehiago: http://www.euskaramaitedut.com/


Honen harira, Gasteizen izandako bertso-korrikaren inguruan Uxue Diaz de Ceriok gaia ipini zien Solozabal eta Otamendiri ea zergatik ez den KORRIKA pasatzen Arabako Errioxatik.



2013/03/19

ABTX13 - Finala: Akabo kuleboria!! (kronika edo...)



Oihane Pereak eskuratu du 2013ko Arabako Bertsolari Txapelketako sari preziatua, alegia, txapela...

Martxoaren 16an Gasteizko Printzipal antzokia bertsozaleon topagune bihurtu zen. 2012ko irailean jokatutako aurre-kanporaketek eman zioten hasiera kulebroiari. 50 bat bertsolarik parte hartu dute aurtengo edizioan eta sei bertsolarik soilik izan dute Printzipalaren oholtza gainean kantatzeko ohorea. Bitartean, hamaika saio, kanporaketa, finalerdi eta pasadizu izan dira Araba osoan zehar. Aurpegi eta izen berri asko eta Abornikanon, Enbeitatarren baserrian, aurkezpena. Lotu! izan da aurtengo lema eta benetan lotu eta sendotu dela Araban duela 30 urte hasitako "txantxa". Hamaika bertso-eskola, kuadrillen arteko txapelketa, "De repente... bertsoa" jardunaldiak, Bertxoko irratsaioa, hainbat sariketa eta bertsolariak, egun, edozein harriren azpian topa daitekela dioen aintzindaria, Abel Enbeita.

Abel Enbeitak berak jantzi zion txapela Oihane "Peleas"i. Finala, gauza serioa, baina etxekoa, gertukoa, bizia eta batez ere hunkigarria izan zen eta hala sentitu genuen zaletu gisa butakan goxo-goxo eserita.

Lan polita burutu zuten finalistek (Manex Agirre, Asier Otamendi, Ruben Sanchez, Jagoba Apaolaza, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre). Hasierako agurrean Viñasprek Araba Vatikano baino gehiago izan daitekeela argi utzi zuen eta Gasteizko konklabean "Sor Perea"rekin batera, berak "Aita Santua" izateko nahia azaldu zuen.

Malkoren bat baino gehiago isuri zen antzokian Otamendik alzheimerra zuen aitari kantatutako bakarkako gaian (http://youtu.be/TCfhsfYji84). Zeresanik ez, Viñasprek bere arrastoa utzi zuela jubilatu berri zenaren paperean madalena esnean bustita botatako bertsoetan.



Agirrek eta Pereak buruz-burukoan saio polita egin zuten. Emozioa nonnahi arnas zitekeen emaitzen zain. Epaileak ere urduri lan puntuagarria epaitzerakoan, nahiko pareko ibili baitziren finalistak.

Pereak Bikuña aldera eraman zuen txapela, tartean bere bi pottokoei eskainita bukaerako agurrean (http://youtu.be/Wb4LR7aFeS0?t=7m14s). Zaletuok irria ahotik kendu ezinik atera ginen Printzipaletik.

Enfin, akabo txapelketa... baina txandriotarrak pilak kargatuta eta eskualdean gerra emateko prest bueltatu ginen Ebro ertzera.

Ah! Artano eta "Hitzetik Hortzera" saioko ekipoa izan genituen bisitari larunbat goizean Oionen eta Eskuernagan: zer dela eta bertso eskola bat Arabako Errioxan eta Txandrio izena nondik zetorren galdezka. Hurrengo ostiralean 21:00tan ETB1ean ikusgai izango duzue, bestela errepikapena igandean 15:00ak aldera.

Finalari buruzko informazio gehiago: http://www.arababertsozale.org/

 

2013/03/14

Txandriotar bat finalean



     Datorren larunbatean Gasteizko Printzipalean ospatuko den Arabako bertsolari txapelketan txandriotar bat izango dugu parte hartzen. Ez, ez dago inongo akatsik, Mikel Fernandez de Arriobek epaile gisa parte hartuko du. Beheko argazkian ageri den seikotearen lanak puntuatzen sekulako erronka izango du, beraz, txandriotarron partez:

Animo Mikel!!



FINALA: martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian, 17:30tan

Sarrerak salgai:
www.bertsosarrerak.eu webgunean edo

Egun berean takilean (lehenago agortzen ez badira)
10€ arrunta, 7€ bazkideak, 16 urtetik beherakoak 3€

2013/03/07

Finala datorrela!!



Bero-bero eta bizi-bizi sartu gara jada Arabako txapelketako finalean.

Aramaion izan zen bigarren finalerdian Manex Agirrek txapela lortzeko bidean aurrera egitea lortu zuen

Dulantzin izandako hirugarren finalerdian Iñaki Viñaspre izan zen garaile eta Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Jagoba Apaolazak eskuratu zuten finalerako txartela.

Honenbestez amaitu dira aurtengo finalerdiak eta beraz martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian arituko den seikotea honakoa izango da: Asier Otamendi, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Jagoba Apaolaza.



FINALA
Martxoak 16, larunbata, Gasteiz, 17:30, Printzipal Antzokian. 

Bertsolariak: Manex Agirre, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez, Oihane Perea, Jagoba Apaolaza
Aurkezlea: Olatz Bayer Gai-jartzailea: Maialen Kortabarria
Antolatzailea: Arabako Bertsozale Txapelketa

Sarrerak salgai:
Gasteizko Amaia Zentroan
Egun berean takilean (lehenago agortzen ez badira)
10€ arrunta, 7€ bazkideak, 16 urteko beherakoentzat 3€

Info gehiago: www.arababertsozale.org