2013/10/08

Arabako Errioxako bertso agenda: badator txapelketa!!

Ikasturtea inoiz baino fuerteago hasi dugu. Urria potente-potente eta Arabako Errioxa bertsozaletzeko gogoekin.

Hasteko urriaren 11an Oionen bertso-poteoa izango dugu txapelketa girotzeko aitzakian: Egaña iragarrita zegoen arren, data erratze bat dela medio, bere ordez, Sebastian Lizaso ekarriko dugu gurera. Arrate Illaro bizkaitarra ere Oionera dator eta txandriotarrok ere bertan kantari izango dira bi bertsolari "handi" hauengandik ikasteko eta gozatzeko gogoz. Hau guztia iluntzeko 19:30tan plazatik abiatuta eta Oiana trikiti taldeak girotuta izango da.

Urriaren 14an, berriz, bertso-eskolaren aurkezpena egingo dugu arratsaldeko 18:30tan Oiongo IKA euskaltegian. Animatu, faborez... harrobia behar dugula...animo gazteak!!

Ostegunean, urriaren 17an, Ruben Sanchez izango dugu Oiongo Bazterra aretoan bertso-saio didaktiko bat eskainiz: bertan txapelketaren nondik norakoak, ofizioak, puntuatze-sistemak eta abar hamaika adibideekin azalduko ditu.

Eta noski, galdu ezin den zita urriaren 26an izango da Oiongo Arroio I frontoian. Arratsaldeko 17:30tatik aurrera Txapelketa Nagusiko seigarren kanporaketa ospatuko da. Finalerdietarako txartelak zein bertsolarik eskuratuko dituen erabakiko duen saioa, hain zuzen. Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Maddi Sarasua, Miren Amuriza, Iratxe Ibarra eta Manex Agirre izango dira kantari.

Buf!! Eta bukatzeko azaroaren 2an Eskuernagan Bertxoko sariketaren saio bat ospatzeko prestaketan gabiltza, baina hori txapelketa nagusiko "ajea"ren ostean kontatuko dizuegu zehatz-mehatz... lagunok hitzen zirimola dantzan dugu jada, has dadila festa, jaia, jarana eta txandrioa... euskaratik eta euskaraz...

No hay comentarios:

Publicar un comentario