2014/04/17

Maiatzak 3 bertso bazkari mundiala Lapuebla de Labarcan Araba Euskaraz dela eta


Aupa bertsozale,

Datorren maiatzaren 3an, Araba Euskaraz dela eta, bertso-bazkari mundiala antolatu dugu. Arabako Errioxako Lapuebla de Labarcan izango da, COVILA upategian.

Honako bertsolariak izango ditugu gurean:

AMETS ARZALLUS
MAIALEN LUJANBIO
IGOR ELORTZA
IÑAKI VIÑASPRE
ORLANDO ARREITUNANDIA

Gai-jartzailea: ALAZNE GARCIA (TXANDRIO BERTSO ESKOLA)
13:30tan bisita COVILA upategian
14:30tan bazkaria COVILA upategian
Bazkalostean bertso-saioa.
Prezioa: 26 €
Izena-ematea:
1.- Telefonoz: 945 607199
2.- E-mailez: arabaeuskaraz@ehi.ikastola.net
3.- Zuzenean: trasferentzia egin honako kontu korronte zenbakira:

ES84 2095 3258 20 9113157670
erreferentzia: M3 (izen-abizenak)

Zabal ezazue mezu hau bertso eskola, euskaltegi, ikastetxe, kultur talde edo inguruko bertsozaleei,

Animatu!!

_________________________________


2014/02/17

KRONIKA: Hiru mosketeroek, zazpi ipotxek eta Hamelingo trikitilariek gustura eta libre kantatu zutenekoa...



Oiongo saioak askorako eman zuen. Zalduondotarrak etorri ziren bisitan eta txandriotarrok harrera ezin hobea egin genien. Arabako Errioxako altxorrak erakutsiz hasi genuen eguna: Olioa eta ardoa. Trujalera egindako bisitan olioa nola ekoiztu eta baita dastatzeko aukera izan genuen eta ondoren upategira bisita ederra, bertoko ardoarekin gozatuz. Plazan triki-poteo txikia egiteko aukera ere izan genuen.

14:30tan Azkenak elkartean zen hitzordua. Bertan berrogei bat lagun mahai bueltan Oiana triki band-aren doinuekin gozatuz hasi zen bertso-festa. Idatzizkoari dagokionez, “Ran Roberran” doinuan gazteok boteioiarekin dituzten komeriak kantatu zituzten: “Boteioia popopopopo!!”

Alaznek jarri zituen lanean bertsolariak. Hasierako agurren ostean, Txandrio hirukotea eta Zalduondoko zazpikotea ederto ibili ziren ofizioetan: watxapa, hipotekak, San Valentin eguna... hainbat kolpe eta bertsoekin gozatzeko parada izan zuen bertsozaleak.

Ofizioen ostean, puntu-erantzunak eta bukaera emandako ariketetan ere ale politak entzun ziren bazkalosteko giroan. Hitza emandako lanetan, aipatzekoa da Irati Ruiz de Pinedok olioari botatako bertso ederra.

Saioaren bukaeran “Egun da Santimamiña” doinuan taldeka egindako kopla saioan txandriotar hirukotea Vatikanora bidean autoa matxuratuta zuten hiru moja izanik, aukera eman zitzaion bertsozaleari irriren bat edo beste egiteko. Bukaerako agurra kolektiboa izan zen: “Txanketeren” doinuan bertsolari bakoitzak kopla bina kantatu eta bertan egunak emandako zoriona eta esker ona izan zen hizpide, ahaztu gabe, Jagoba eta Iker plazetan libre nahi ditugunaren aldarrikapena...

Hauxe izan zen egunak eman zuena, txandriotarrak Zalduondorako bisita hitzartuta amaiera ezinhobea duen ipuin klasikoa izan zen. Hiru mosketeroek, zazpi ipotxek eta Hamelingo trikitalariek gustura lo egiteko beta izan zuten eta bertsozaleak bertso-ipuin-saioa ikusi, entzun eta goxatzeko tenorea izan zuen, etxe giroan, sutondoan, amamak kontatzen zizkigun ipuin horien antzera.

Eta hau hala bazan ala ez bazan...


2014/02/10

Arabako bertso kuadrilla artekoA...hasi da eta badator

Hasi da "Arabako bertso kuadrilla artekoa"...otsailean hasi eta apirilaren 5raino hainbat taldek parte hartuko dute bertan eta Arabako Errioxari dagokionez Txandrio bertso eskolak bat-bateko taldean eta gure lagunminak diren Oiana trikiti taldeak idatzizkoetan parte hartuko dute.

Hiru data izango dira garrantzitsuak gureari dagokionez:

Otsailak 15 larunbata, Oion: bertso bazkaria - Txandrio vs. Zeledonen seme-alabak (Zalduondo) + Oiana
Otsailak 22 larunbata, Gasteiz: bertso-poteoa - Aizkorak Zorroztu (Gasteiz) vs. Txandrio
Apirilak 5 larunbata, Agurain: Final Handia - Talde guztiek parte hartuko dugu egun osoko festa giroan.

Otsailaren 15rako dena prestatzen gabiltza, zu zeu, bertsozale falta zara...animatu eta parte hartu gurekin hitzaren kirol nazionalean, errimen zirimolan, euskaratik eta euskaraz, hitza jolasa bihurtu den honetan!!

Otsailak 15 larunbata BERTSO-BAZKARIA Oiongo Azkenak elkartean, 14:30tan.
15 €, gazteak: 8 €. Izena emateko 600083476

Bat-bateko taldeak: Txandrio - Arabako Errioxa eta Zeledonen seme-alabak – Zalduondo
Idatzizko taldea: Oiana Triki Band Sound

(Oharra): Zalduondoko taldeak autobus bat jarriko du joan eta etorri egiteko. Info gehiago 615 758 844 Antolatzailea: Txandrio - Arabako Errioxa

Txandrio bertso taldea + Oiana:
Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta, Unai Bengoetxea, Edurne Azkarate, Endika Sarabia, Arantxa Sobrino, Alazne Garcia, Mikel Fernandez de Arroiabe, Ibai Roitegi, Idoia Marauri, Uxue Fernandez-Andes, Virginia Eusebio eta Julen Zabala




Informazio gehiago: http://www.bertsozale.com/eu/araba/bertso-kuadrilla-artekoa