2013/03/19

ABTX13 - Finala: Akabo kuleboria!! (kronika edo...)



Oihane Pereak eskuratu du 2013ko Arabako Bertsolari Txapelketako sari preziatua, alegia, txapela...

Martxoaren 16an Gasteizko Printzipal antzokia bertsozaleon topagune bihurtu zen. 2012ko irailean jokatutako aurre-kanporaketek eman zioten hasiera kulebroiari. 50 bat bertsolarik parte hartu dute aurtengo edizioan eta sei bertsolarik soilik izan dute Printzipalaren oholtza gainean kantatzeko ohorea. Bitartean, hamaika saio, kanporaketa, finalerdi eta pasadizu izan dira Araba osoan zehar. Aurpegi eta izen berri asko eta Abornikanon, Enbeitatarren baserrian, aurkezpena. Lotu! izan da aurtengo lema eta benetan lotu eta sendotu dela Araban duela 30 urte hasitako "txantxa". Hamaika bertso-eskola, kuadrillen arteko txapelketa, "De repente... bertsoa" jardunaldiak, Bertxoko irratsaioa, hainbat sariketa eta bertsolariak, egun, edozein harriren azpian topa daitekela dioen aintzindaria, Abel Enbeita.

Abel Enbeitak berak jantzi zion txapela Oihane "Peleas"i. Finala, gauza serioa, baina etxekoa, gertukoa, bizia eta batez ere hunkigarria izan zen eta hala sentitu genuen zaletu gisa butakan goxo-goxo eserita.

Lan polita burutu zuten finalistek (Manex Agirre, Asier Otamendi, Ruben Sanchez, Jagoba Apaolaza, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre). Hasierako agurrean Viñasprek Araba Vatikano baino gehiago izan daitekeela argi utzi zuen eta Gasteizko konklabean "Sor Perea"rekin batera, berak "Aita Santua" izateko nahia azaldu zuen.

Malkoren bat baino gehiago isuri zen antzokian Otamendik alzheimerra zuen aitari kantatutako bakarkako gaian (http://youtu.be/TCfhsfYji84). Zeresanik ez, Viñasprek bere arrastoa utzi zuela jubilatu berri zenaren paperean madalena esnean bustita botatako bertsoetan.



Agirrek eta Pereak buruz-burukoan saio polita egin zuten. Emozioa nonnahi arnas zitekeen emaitzen zain. Epaileak ere urduri lan puntuagarria epaitzerakoan, nahiko pareko ibili baitziren finalistak.

Pereak Bikuña aldera eraman zuen txapela, tartean bere bi pottokoei eskainita bukaerako agurrean (http://youtu.be/Wb4LR7aFeS0?t=7m14s). Zaletuok irria ahotik kendu ezinik atera ginen Printzipaletik.

Enfin, akabo txapelketa... baina txandriotarrak pilak kargatuta eta eskualdean gerra emateko prest bueltatu ginen Ebro ertzera.

Ah! Artano eta "Hitzetik Hortzera" saioko ekipoa izan genituen bisitari larunbat goizean Oionen eta Eskuernagan: zer dela eta bertso eskola bat Arabako Errioxan eta Txandrio izena nondik zetorren galdezka. Hurrengo ostiralean 21:00tan ETB1ean ikusgai izango duzue, bestela errepikapena igandean 15:00ak aldera.

Finalari buruzko informazio gehiago: http://www.arababertsozale.org/

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario