2014/02/17

KRONIKA: Hiru mosketeroek, zazpi ipotxek eta Hamelingo trikitilariek gustura eta libre kantatu zutenekoa...



Oiongo saioak askorako eman zuen. Zalduondotarrak etorri ziren bisitan eta txandriotarrok harrera ezin hobea egin genien. Arabako Errioxako altxorrak erakutsiz hasi genuen eguna: Olioa eta ardoa. Trujalera egindako bisitan olioa nola ekoiztu eta baita dastatzeko aukera izan genuen eta ondoren upategira bisita ederra, bertoko ardoarekin gozatuz. Plazan triki-poteo txikia egiteko aukera ere izan genuen.

14:30tan Azkenak elkartean zen hitzordua. Bertan berrogei bat lagun mahai bueltan Oiana triki band-aren doinuekin gozatuz hasi zen bertso-festa. Idatzizkoari dagokionez, “Ran Roberran” doinuan gazteok boteioiarekin dituzten komeriak kantatu zituzten: “Boteioia popopopopo!!”

Alaznek jarri zituen lanean bertsolariak. Hasierako agurren ostean, Txandrio hirukotea eta Zalduondoko zazpikotea ederto ibili ziren ofizioetan: watxapa, hipotekak, San Valentin eguna... hainbat kolpe eta bertsoekin gozatzeko parada izan zuen bertsozaleak.

Ofizioen ostean, puntu-erantzunak eta bukaera emandako ariketetan ere ale politak entzun ziren bazkalosteko giroan. Hitza emandako lanetan, aipatzekoa da Irati Ruiz de Pinedok olioari botatako bertso ederra.

Saioaren bukaeran “Egun da Santimamiña” doinuan taldeka egindako kopla saioan txandriotar hirukotea Vatikanora bidean autoa matxuratuta zuten hiru moja izanik, aukera eman zitzaion bertsozaleari irriren bat edo beste egiteko. Bukaerako agurra kolektiboa izan zen: “Txanketeren” doinuan bertsolari bakoitzak kopla bina kantatu eta bertan egunak emandako zoriona eta esker ona izan zen hizpide, ahaztu gabe, Jagoba eta Iker plazetan libre nahi ditugunaren aldarrikapena...

Hauxe izan zen egunak eman zuena, txandriotarrak Zalduondorako bisita hitzartuta amaiera ezinhobea duen ipuin klasikoa izan zen. Hiru mosketeroek, zazpi ipotxek eta Hamelingo trikitalariek gustura lo egiteko beta izan zuten eta bertsozaleak bertso-ipuin-saioa ikusi, entzun eta goxatzeko tenorea izan zuen, etxe giroan, sutondoan, amamak kontatzen zizkigun ipuin horien antzera.

Eta hau hala bazan ala ez bazan...


No hay comentarios:

Publicar un comentario