2013/11/27

Azaroaren 29an euskararen nazioarteko eguna ospatuko da Oionen

Datorren ostiralean euskararen nazioarteko eguna dela eta ospakizun bateratua burutuko da Oionen. Egitarauaren baitan bertso-kantu afaria ospatuko da igerilekuetako tabernan, iluntzeko 22:00ak aldera. Bertsogintzari dagokionez Felipe Zelaieta eta Asier Otamendi izango ditugu kantari. Animatu eta 20 euroren truke sekulako giro ederraz eta saio ahaztezinaz gozatzeko aukera izango duzue.

Afarian izena emateko: Telefonoz: 945 601087 (IKA Errioxa) edo bertan: Oiongo San Bizente ikastolan, Oiongo Ramiro de Maeztu eskolan, IKA euskaltegian eta igerilekuetako tabernan.

Informazio gehiago: http://www.euskaramaitedut.com/


Ikusi Euskararen Egunerako prestatutako bideoa!

2013/11/19

ESKERRIK ASKO BIHOTZ-BIHOTZEZ!!

Pasa berri den urria hilabete oso garrantzitsua izan da Arabako Errioxako bertsogintzarako. Aste gutxitan bertsogintzaren inguruan hamaika ekimen izan ditugu gurean. Txandrio bertso-eskolako kideok, Arabako bertsozale elkarteko lagunek, Txapelketa Nagusiko antolatzaile taldeak eta eskualdeko hainbat euskaltzaleok egin duten ahalegina itzela izan da...

Aipatu bezala, urriaren 11an Oionen izan genuen bertso-poteoa. Bertan, urriaren 26rako iragarrita zegoen saiorako gonbitea luzatzea zuen helburu. Bost bertsolari izan ziren kantari eta 30 bat lagun tabernaz-taberna adi-adi entzuten: Arrate Illaro, Sebastian Lizaso, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta izan genituen koplatan. Halere, beterana gazte bat ere "espontanea" gisa animatu zen: Edurne Azkarate. "Exzedentzian" zegoela eta ez zegoela Lizaso ibili zen bere atzetik xaxatzen eta azkenean Edurnek erantzun. Txandriotarroi dagokionez, hotz samar hasi arren, saioa aurrera joan ahala bere mailara hurbiltzen hasi ziren, Damas tabernan txapelduna nor izango ote zen mintzagai izanik ale politak utziz. Garai tabernan agurren txanda zela eta zortziko handian ibili ziren elkarri eskerrak emanez.

Urriaren 17an, berriz, IKA euskaltegiarekin elkarlanean Ruben Sanchez bertsolariak saio didaktikoa eskaini zuen Txapelketa Nagusiko kontuak aitzakia hartuta. Hamabost lagunen aurrean primeran azaldu zuen Oiongo saioan izango ziren gora-beherak.

Eta azkenean egun handia iritsi zen: eskerrik asko urriaren 26a data ahaztezina bezain hunkigarria egiteagatik. Zazpiehun lagun bueltan izan ginen Arroio I frontoian "hitzaren kirol nazionalaz" gozatzen, non eta Arabako Errioxan... Eskerrik asko bertsozale, Oiongo herriko plaza, egun batez behintzat, erabat euskaldun bihurtzeagatik. Ahaztu gabe, noski, errimekin gozarazten artistak diren sei bertsolari handiak ere, estimatua dago.

Eta ez gara nekatuko eskerrak emateaz ametsak egia bihurtu duzuen guztioi... eskerrik asko bihotz-bihotzez.

 Zailtasunak zailtasun, Txandrio bertso eskolako kideontzat bultzada handia izan da aurrera egin dezagun. Plazan edo bertso-afariren batean elkar ikusiko dugulakoan, laster arte!!

Saioari buruzko informazio gehiago:
http://www.bertsozale.com/oion