2013/11/27

Azaroaren 29an euskararen nazioarteko eguna ospatuko da Oionen

Datorren ostiralean euskararen nazioarteko eguna dela eta ospakizun bateratua burutuko da Oionen. Egitarauaren baitan bertso-kantu afaria ospatuko da igerilekuetako tabernan, iluntzeko 22:00ak aldera. Bertsogintzari dagokionez Felipe Zelaieta eta Asier Otamendi izango ditugu kantari. Animatu eta 20 euroren truke sekulako giro ederraz eta saio ahaztezinaz gozatzeko aukera izango duzue.

Afarian izena emateko: Telefonoz: 945 601087 (IKA Errioxa) edo bertan: Oiongo San Bizente ikastolan, Oiongo Ramiro de Maeztu eskolan, IKA euskaltegian eta igerilekuetako tabernan.

Informazio gehiago: http://www.euskaramaitedut.com/


Ikusi Euskararen Egunerako prestatutako bideoa!

2013/11/19

ESKERRIK ASKO BIHOTZ-BIHOTZEZ!!

Pasa berri den urria hilabete oso garrantzitsua izan da Arabako Errioxako bertsogintzarako. Aste gutxitan bertsogintzaren inguruan hamaika ekimen izan ditugu gurean. Txandrio bertso-eskolako kideok, Arabako bertsozale elkarteko lagunek, Txapelketa Nagusiko antolatzaile taldeak eta eskualdeko hainbat euskaltzaleok egin duten ahalegina itzela izan da...

Aipatu bezala, urriaren 11an Oionen izan genuen bertso-poteoa. Bertan, urriaren 26rako iragarrita zegoen saiorako gonbitea luzatzea zuen helburu. Bost bertsolari izan ziren kantari eta 30 bat lagun tabernaz-taberna adi-adi entzuten: Arrate Illaro, Sebastian Lizaso, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta izan genituen koplatan. Halere, beterana gazte bat ere "espontanea" gisa animatu zen: Edurne Azkarate. "Exzedentzian" zegoela eta ez zegoela Lizaso ibili zen bere atzetik xaxatzen eta azkenean Edurnek erantzun. Txandriotarroi dagokionez, hotz samar hasi arren, saioa aurrera joan ahala bere mailara hurbiltzen hasi ziren, Damas tabernan txapelduna nor izango ote zen mintzagai izanik ale politak utziz. Garai tabernan agurren txanda zela eta zortziko handian ibili ziren elkarri eskerrak emanez.

Urriaren 17an, berriz, IKA euskaltegiarekin elkarlanean Ruben Sanchez bertsolariak saio didaktikoa eskaini zuen Txapelketa Nagusiko kontuak aitzakia hartuta. Hamabost lagunen aurrean primeran azaldu zuen Oiongo saioan izango ziren gora-beherak.

Eta azkenean egun handia iritsi zen: eskerrik asko urriaren 26a data ahaztezina bezain hunkigarria egiteagatik. Zazpiehun lagun bueltan izan ginen Arroio I frontoian "hitzaren kirol nazionalaz" gozatzen, non eta Arabako Errioxan... Eskerrik asko bertsozale, Oiongo herriko plaza, egun batez behintzat, erabat euskaldun bihurtzeagatik. Ahaztu gabe, noski, errimekin gozarazten artistak diren sei bertsolari handiak ere, estimatua dago.

Eta ez gara nekatuko eskerrak emateaz ametsak egia bihurtu duzuen guztioi... eskerrik asko bihotz-bihotzez.

 Zailtasunak zailtasun, Txandrio bertso eskolako kideontzat bultzada handia izan da aurrera egin dezagun. Plazan edo bertso-afariren batean elkar ikusiko dugulakoan, laster arte!!

Saioari buruzko informazio gehiago:
http://www.bertsozale.com/oion


2013/10/21

Datorren larunbatean bertsozale guztiok Oionen izango dugu zita

Eta badator txapelketa gurera, Arabako Errioxara. Seigarren kanporaketa Oionen ospatuko da. Saio honetan finalaurrekoetara nortzuk pasako diren erabakiko da. Txapelketa pil-pilean dago eta txandriotarrok poz-pozik larunbatean izango dugun saioarekin. Arabar bat kantari izango da: animo Manex!! Beraz, badakizue...zatozte, giro ezinhobea izango baita Arroio I frontoian. Saioa 17:30etan hasiko den arren, 16:30tatik aurrera ateak irekiko dira.

informazio gehiago: bertsozale elkartea

2013/10/08

Arabako Errioxako bertso agenda: badator txapelketa!!

Ikasturtea inoiz baino fuerteago hasi dugu. Urria potente-potente eta Arabako Errioxa bertsozaletzeko gogoekin.

Hasteko urriaren 11an Oionen bertso-poteoa izango dugu txapelketa girotzeko aitzakian: Egaña iragarrita zegoen arren, data erratze bat dela medio, bere ordez, Sebastian Lizaso ekarriko dugu gurera. Arrate Illaro bizkaitarra ere Oionera dator eta txandriotarrok ere bertan kantari izango dira bi bertsolari "handi" hauengandik ikasteko eta gozatzeko gogoz. Hau guztia iluntzeko 19:30tan plazatik abiatuta eta Oiana trikiti taldeak girotuta izango da.

Urriaren 14an, berriz, bertso-eskolaren aurkezpena egingo dugu arratsaldeko 18:30tan Oiongo IKA euskaltegian. Animatu, faborez... harrobia behar dugula...animo gazteak!!

Ostegunean, urriaren 17an, Ruben Sanchez izango dugu Oiongo Bazterra aretoan bertso-saio didaktiko bat eskainiz: bertan txapelketaren nondik norakoak, ofizioak, puntuatze-sistemak eta abar hamaika adibideekin azalduko ditu.

Eta noski, galdu ezin den zita urriaren 26an izango da Oiongo Arroio I frontoian. Arratsaldeko 17:30tatik aurrera Txapelketa Nagusiko seigarren kanporaketa ospatuko da. Finalerdietarako txartelak zein bertsolarik eskuratuko dituen erabakiko duen saioa, hain zuzen. Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Maddi Sarasua, Miren Amuriza, Iratxe Ibarra eta Manex Agirre izango dira kantari.

Buf!! Eta bukatzeko azaroaren 2an Eskuernagan Bertxoko sariketaren saio bat ospatzeko prestaketan gabiltza, baina hori txapelketa nagusiko "ajea"ren ostean kontatuko dizuegu zehatz-mehatz... lagunok hitzen zirimola dantzan dugu jada, has dadila festa, jaia, jarana eta txandrioa... euskaratik eta euskaraz...

IKASTURTE BERRIA BERO-BERO: TXANDRIOTARRAK BUELTAN GARA!!

Uda bukatu zaigu eta udaberria hasi bezain pronto txandriotarrak bueltan gaude. Uda beroa izan dugu: lasaia, baina mutu ez gara egon. Gasteizko jaietan Orlando ibili zen kantari Aihotz plazan Andra Mari Zuria ere ernegatu zen: kristolako saioa burutu baitzuen Ruben Rolando Sanchez, Andoni Egaña eta Julio Soto bertsokideekin besteak beste.

Hori gutxi balitz, Oiongo jaietan bertso-poteo itzela izan zen: TXANTRIOATARRAK Felipe Zelaietarekin batera ibili baitziren koplatan OIANA trikiti taldearen laguntzarekin. Segidillak eta guzti entzun ziren Garai tabernan.

Eta uda "lasaiari" amaiera emateko, Lantziegon izan zen bertso-afaria: Orlando, Unai eta Iker izan genituen ordu t'erdi luzez librean kantari: astronautak, martzianoak, Porrotx, Lantziegoko ardo goxoa eta "La Paloma" hizpide izan zutelarik. 40 bat lagunen aurrean umore saio majoa burutu zuten. Ta halaxe izaten dira txandriotarron oporrak, lasaiak, baina aspertzeko betarik gabe.

2013/06/27

Txandriotarrak Lantziegon

Datorren larunbatean, ekainak 29, azoka ospatuko da Lantziegon. Bertan eguerdiko 12:00tan eta plazatik abiatuta bertso-triki-poteoa izango da herrian zehar Lantziegoko trikitilariekin eta txandriotarrokin.

Animatu zaitezte eta bertsoekin gozatu!!


2013/06/18

Ostiral honetan Maeztun bertso afaria... eman egurra Orlando!!

Ostiral honetan, ekainaren 21ean, iluntzeko 21:00etan Mendialdeko bertso-eskolak antolatuta bertso-afaria izango da Maeztuko Teleclubean.

"Arabako Bertso-eskolek 11 opari" aitzakia hartuta Jon Ruiz de Pinedo, Iker Pastor Rodriguez, Irati Anda eta Orlando Arreitunandia izango dira kantari. Animatu zaitezte giro ezinhobea izango baita!!






2013/05/29

Txandriotarrak Mendabian bertso tailerrean "maisu"





Mendabiako euskal asteburua aitzakia harturik txandriotarroi deitu gintuzten bertso-tailerra emateko. Dozena bat lagunen aurrean Orlando eta Iker ibili ziren bertsolaritzaren nondik norakoak azaldu nahian. Azalpen sakonik ez zuten izan behar lanean hasteko, ikasle azkarrak izan baitziren: errimekin jolastu ostean zortziko txiki pare ederra sortu eta kantatu zuten. Gai-jartzaile lanetan jarri eta "maisuei" kantuan jarri arazi zieten saiotxo majoa eginez. Gogotsu eta gustura bukatu genuen bertan izan ginenok. Bejondeizuela Mendabia!! Txandriotarron partez esker ona eta plazer handia.

2013/05/27

Alazne eta Ibai Petritegin Hitzetik Hortzeraren kontura.




Hitzetik Hortzera telebista saioaren azken programa Petritegi sagardotegian egin zuten denboraldian zehar izandako hainbat protagonistekin. Txandriotarrak bertan izateko aukera izan genuen eta Alazne eta Ibai izan ziren gure "enbaxadoreak". Aitor Mendiluze eta Jon Maia izan ziren kantari kupelen artean. Txotx!, txuleta eta sagardoaren bueltan bertsoak entzungai. Gustura ibili ziren gure gai-jartzailea eta soinu teknikaria sagardotegi giroan. Datorren denboraldian Hitzetik Hortzera ETBn ikusgai izango delakoaren esperantzaz, laster arte Artano eta konpañia!!

2013/05/23

Euskal Kultur Asteburua Oionen (maiatzak 31 eta ekainak 2)



Ttiki-ttaka, Arabako Errioxako euskaldunon elkarteak EKA (Euskal Kultur Asteburua) antolatu du. Aurten, Oionen ospatuko da eta oso eskaintza zabala egin dute ume, gazte zein helduek parte hartzeko euskaraz eta euskararekin gozatuz.


Txandriotarrok ere bertan izango gara gure bertso kontuekin eta "txandriokeriak" lau haizetara zabalduz. Igandean eguerdiko 13:00tan Oiongo plazan bertso-saioa izango dugu: Oihane Perea, Iker Pastor, Unai Bengoetxea eta Iker Olabarrieta bertsolariak Arantxa Sobrino gai-jartzailearen esanetara jarriko dira. Oihane Perea eta Iker Pastor Lautadatik etorriko dira haien bertsokera zoragarriarekin saio ederra egiteko asmoz. 

Beraz, badakizue, hitza, errima eta doinua entzungai izango dira berriz ere, Arabako Errioxan... ANIMATU!!







2013/05/13

Txandriotarrak Eskuernagan primeran!!

Maiatzaren 10an Orlando, Unai eta Iker Eskuernagan ibili ziren "Oiana" trikiti eta pandero taldearekin batera (Oion eta Biana izenen nashaketa). San Torkuato jaien hasiera eguna zela eta, aitzakia ederra zuten txandriotarrok Eskuernagako tabernak girotzeko. Eta hala izan zen: plazan hasi ziren giro lasai batean, baina Sotera tabernara heldu orduko zirikatzeko gogoa eta ondo pasatzeko asmoa nabarmen hazi zen. "Guantanamera" doinua lagun kopla saio ederra egin zuten eta trikiti kuadrillatxoak ederki girotu zuen tabernan zegoen gizaki bakoitza. Kikoren tabernan, berriz, "Hegan noa" doinu "runberoarekin" jendea "palmak" ematen eta anbientea topera. Plazara bueltatu orduko "zazpi jauzi" erraldoia dantzatu zuten plazan makina bat jendek eta plazako tabernan eman zitzaion bi ordu inguruko bertso-triki-poteoari punturik altuenean, alkateak ere entzun behar izan baitzituen txandriotarron eztenkadak "Egun da Santimamiña" doinuan. "Beste bat" eta guzti eskatuta eskuernagarrek txalo zaparrada ederra eskeini zieten bertso-trikititiriteroei. Saio polita eta jendeak gozatzeko aina eman zuen, beraz, hamaika opari eraman eta hamaika txalo jasota bueltatu ziren txandriotarrak etxera bueltan.




2013/05/06

Txandriotarrak Eskuernagan maiatzaren 10an

Txandriotarrak Eskuernagan izango gara maiatzaren 10an bertso-poteoan. Iluntzeko 20:00tan hasiko da jarana, beraz, ez galdu. Zatoz!!

2013/04/22

Doinutegia aberasten: zortziko txikia

Udaberrian bete-betean gaudela eguraldi onak kantatzeko beta ematen digu, gogoak behintzat bai. Hona hemen txandriotarrok zortziko txikian kantatzeko bildumatxoa. Gehienak ezagunak ditugun arren, askotan ez ditugu gure biltegian ondo finkatuta eta kantatzerako orduan doinua aukeratu ezinik gabiltza, beraz, gure bertso eskola digitalean topatuko dituzue letrak eta doinuak mp3 formatuan.

txandriotarron doinutegia






2013/04/16

Txandriotarrak Arabako Errioxako korrikaren alde!!

Zeresan handia eman du eskualdean Arabako Errioxako korrika ekimenak. Izan ere bertan gauden euskaltzaleon bilgune bihurtu zen ospatutako jaia. Ebro ertzean ere bagarela argi geratu zen eta jai giro, ilusio eta emozio handiz bizi izan genuen korrika egin, antolatu, parte hartu eta gozatu izan genuen guztiok... ZORIONAK!!

Txandriotarrok ere bertan izan ginen dakigun apurra egiten, hau da, "txandriokeriak"... hona hemen behean horren lekukotza.







2013/03/21

Txandriotarrak Hitzetzik Hortzeran

 Aurreko larunbatean, Arabako bertsolari txapelketako finalaren egun berean hain zuzen, Jon Artano eta bere taldea izan genituen bisitari. Goizeko 10:00tan hitzordua genuen jarrita Oiongo plazan. Bertan, bertsolaritza aitzakia hartuta, hamaika kontu izan ziren hizpide: Arabako Errioxan euskararen egoera, gertutasuna edo hain urruti izatearen abantailak edo kalteak, saioak, txapelketak... (Korrika bera ere izan genuen eztabaidagai).
Hamaika kontu mikro eta kamaren aurrean, baina baita planotik kanpo eta "off the record"-en ere hainbat pasadizu eta anekdota kontatu ziren.
 11:30ak aldera bartuloak jaso eta Eskuernagarako bidean jarri ziren ETBkoak. Han Orlando zuten zain. Upategian egindako elkarrizketan ardoa eta bertsogintza elkar nahastu eta badirudi "maridaje" ederra egin zutela. Gerora estu eta larri ibili ziren: Gasteizera joan baino lehen Abornikanotik pasatu beharra zuten, Abel Enbeitaren baserritik. Halere, arratsaldeko 17:30tarako Printzipal antzokiko atarian zeuden bertsozaleok osatutako ilara luzea filmatzen eta finalean izandako nondik norako guztiak behar bezala jasoz.




Ostiral honetan iluntzeko 21:00tan ikusgai ETB1an eta errepikapena igandean 15:00tan. Beste aukera bat EITB nahieran webgunean

http://www.eitb.com/eu/telebista/programak/hitzetik-hortzera/ 

2013/03/20

Arabako Errioxako korrika - martxoak 23: Denok Ziekora

Aurtengoa Korrika urtea da. Korrikako 18. edizioa, baina ez da bigarren aldiz jarraian Arabako Errioxatik pasako, ezta Vianatik (Nafarroa) ere. Hori dela eta, Arabar Errioxako Korrika antolatu da, martxoaren 23an abian jarriko den egitasmoa. Bi zutabetan antolatuta (bata Bastidatik eta bigarrena Bianatik abiatuta), Guardian elkartu eta Ziekoraino joango da Korrika. Bertan, harrera eta jaia antolatu da... ika,ika, ika Errioxan Korrika!! info gehiago: http://www.euskaramaitedut.com/


Honen harira, Gasteizen izandako bertso-korrikaren inguruan Uxue Diaz de Ceriok gaia ipini zien Solozabal eta Otamendiri ea zergatik ez den KORRIKA pasatzen Arabako Errioxatik.



2013/03/19

ABTX13 - Finala: Akabo kuleboria!! (kronika edo...)



Oihane Pereak eskuratu du 2013ko Arabako Bertsolari Txapelketako sari preziatua, alegia, txapela...

Martxoaren 16an Gasteizko Printzipal antzokia bertsozaleon topagune bihurtu zen. 2012ko irailean jokatutako aurre-kanporaketek eman zioten hasiera kulebroiari. 50 bat bertsolarik parte hartu dute aurtengo edizioan eta sei bertsolarik soilik izan dute Printzipalaren oholtza gainean kantatzeko ohorea. Bitartean, hamaika saio, kanporaketa, finalerdi eta pasadizu izan dira Araba osoan zehar. Aurpegi eta izen berri asko eta Abornikanon, Enbeitatarren baserrian, aurkezpena. Lotu! izan da aurtengo lema eta benetan lotu eta sendotu dela Araban duela 30 urte hasitako "txantxa". Hamaika bertso-eskola, kuadrillen arteko txapelketa, "De repente... bertsoa" jardunaldiak, Bertxoko irratsaioa, hainbat sariketa eta bertsolariak, egun, edozein harriren azpian topa daitekela dioen aintzindaria, Abel Enbeita.

Abel Enbeitak berak jantzi zion txapela Oihane "Peleas"i. Finala, gauza serioa, baina etxekoa, gertukoa, bizia eta batez ere hunkigarria izan zen eta hala sentitu genuen zaletu gisa butakan goxo-goxo eserita.

Lan polita burutu zuten finalistek (Manex Agirre, Asier Otamendi, Ruben Sanchez, Jagoba Apaolaza, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre). Hasierako agurrean Viñasprek Araba Vatikano baino gehiago izan daitekeela argi utzi zuen eta Gasteizko konklabean "Sor Perea"rekin batera, berak "Aita Santua" izateko nahia azaldu zuen.

Malkoren bat baino gehiago isuri zen antzokian Otamendik alzheimerra zuen aitari kantatutako bakarkako gaian (http://youtu.be/TCfhsfYji84). Zeresanik ez, Viñasprek bere arrastoa utzi zuela jubilatu berri zenaren paperean madalena esnean bustita botatako bertsoetan.



Agirrek eta Pereak buruz-burukoan saio polita egin zuten. Emozioa nonnahi arnas zitekeen emaitzen zain. Epaileak ere urduri lan puntuagarria epaitzerakoan, nahiko pareko ibili baitziren finalistak.

Pereak Bikuña aldera eraman zuen txapela, tartean bere bi pottokoei eskainita bukaerako agurrean (http://youtu.be/Wb4LR7aFeS0?t=7m14s). Zaletuok irria ahotik kendu ezinik atera ginen Printzipaletik.

Enfin, akabo txapelketa... baina txandriotarrak pilak kargatuta eta eskualdean gerra emateko prest bueltatu ginen Ebro ertzera.

Ah! Artano eta "Hitzetik Hortzera" saioko ekipoa izan genituen bisitari larunbat goizean Oionen eta Eskuernagan: zer dela eta bertso eskola bat Arabako Errioxan eta Txandrio izena nondik zetorren galdezka. Hurrengo ostiralean 21:00tan ETB1ean ikusgai izango duzue, bestela errepikapena igandean 15:00ak aldera.

Finalari buruzko informazio gehiago: http://www.arababertsozale.org/

 

2013/03/14

Txandriotar bat finalean



     Datorren larunbatean Gasteizko Printzipalean ospatuko den Arabako bertsolari txapelketan txandriotar bat izango dugu parte hartzen. Ez, ez dago inongo akatsik, Mikel Fernandez de Arriobek epaile gisa parte hartuko du. Beheko argazkian ageri den seikotearen lanak puntuatzen sekulako erronka izango du, beraz, txandriotarron partez:

Animo Mikel!!



FINALA: martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian, 17:30tan

Sarrerak salgai:
www.bertsosarrerak.eu webgunean edo

Egun berean takilean (lehenago agortzen ez badira)
10€ arrunta, 7€ bazkideak, 16 urtetik beherakoak 3€

2013/03/07

Finala datorrela!!



Bero-bero eta bizi-bizi sartu gara jada Arabako txapelketako finalean.

Aramaion izan zen bigarren finalerdian Manex Agirrek txapela lortzeko bidean aurrera egitea lortu zuen

Dulantzin izandako hirugarren finalerdian Iñaki Viñaspre izan zen garaile eta Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Jagoba Apaolazak eskuratu zuten finalerako txartela.

Honenbestez amaitu dira aurtengo finalerdiak eta beraz martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian arituko den seikotea honakoa izango da: Asier Otamendi, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Jagoba Apaolaza.



FINALA
Martxoak 16, larunbata, Gasteiz, 17:30, Printzipal Antzokian. 

Bertsolariak: Manex Agirre, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez, Oihane Perea, Jagoba Apaolaza
Aurkezlea: Olatz Bayer Gai-jartzailea: Maialen Kortabarria
Antolatzailea: Arabako Bertsozale Txapelketa

Sarrerak salgai:
Gasteizko Amaia Zentroan
Egun berean takilean (lehenago agortzen ez badira)
10€ arrunta, 7€ bazkideak, 16 urteko beherakoentzat 3€

Info gehiago: www.arababertsozale.org

2013/02/18

1. finalerdia Izarran: Aupa Orlando!! (kronika)

         Aurreko larunbatean Arabako bertsolari txapelketaren 1. finalerdia jokatu zen Izarran. Izarrako kultur etxeko aretoan ospatu zen. 70 bat bertsozale bildu ziren estreinatu berri duten aretoan. Bertan, Asier Otamendi, Serapio Lopez, Felipe Zelaieta (Irati Andaren ordez), Juan Mari Juaristi eta Rikardo Gonzalez de Duranarekin batera Orlando txandriotarra ibili zen kantuan. Lan txukuna egin zuen Orlandok. Otamendirekin 8ko txikian burututako ofizioa ederra izan zen. Venezian oporretan zeuden aitona eta bilobaren ofizioan. Baita Serapiorekin batera 10ko txikian "Bikotebila" agentziaren bidez lotutako zitak ere izan zituen umore puntu ederrak.



          Bakarkako lanean, berriz, puntua emanda "San Valentin" eguna eta lehen amodioari buruz osatutako bertsoek eman zuten zeresana. Bakarkako gaian txukun aritu zen ispiluari begira eta ilea galtzen ari zenaren paperean; Lazkao Txikik ispiluari aurrez-aurre kantatu zituen bertsoen ildotik, Orlandok ispilu aurrean zuenari bertso ale politak kantatu zizikion. Laugarren egin zuen 284 punturekin. Lan puntuagarria bukatuta, bukaerako agur dotore eta hunkigarria bota zuen Orlandok, txandriotarrak agurtuz eta Unai gogoan zuela. Orlandok Izarra bere geltokia zela kantatu zuen, baina ikusita zer nolako txapelketa egin duen, harro jeisteko moduko geltokia da inongo zalantzarik gabe.


         Aurtengo txapelketan errioxarron presentzia bolo-bolo ibili da hainbat bertsolari eta bertsozaleen ahotan. Datorren urteko kuadrillen arteko txapelketan zeresan handia eman dezakeen taldea dela argudiatuz.
         Txandriotarrok harro egoteko lana burutu dugu 2013ko Arabako bertsolari txapelketan, beraz, zorionak antolatzaile, gai-jartzaile, bertsolari, laguntzaile eta bertsozale guztioi!!


Saioetako kronikak, argazkiak eta bideoak:

http://www.arababertsozale.org/

2013/02/05

Orlando Arabako bertsolari txapelketako finalerdietara!!


Aupa Orlando!!

Behin kanporaketa guztiak jokatuta, txandriotarroi dagokigunez Orlandok eskuratu du finalaurrekoetarako txartela. Txandriotarron partez, ZORIONAK!! Beraz, otsailaren 16an Izarran izango dugu zita Orlando animatzeko!!


Finalurrekoak horrela geratu dira:

OTSAILAREN 16an, LARUNBATEZ
Izarran
Asier Otamendi
Serapio Lopez
Rikardo Gonzalez de Durana
Xabi Igoa
Orlando Arreitunandia
Irati Anda

OTSAILAREN 23an, LARUNBATEZ
Aramaion
Paula Amilburu
Manex Agirre
Zigor Enbeita
Unai Mendibil
Andere Arriolabengoa
Ander Solozabal

MARTXOAREN 2an, LARUNBATEZ
Dulantzin
Oihane Perea
Iñaki Viñaspre
Izar Mendiguren
Felipe Zelaieta
Ruben Sanchez
Jagoba Apaolaza

Finala, azkenik, martxoaren 16an jokatuko da, larunbatez, Gasteizko Printzipal Antzokian.

Informazio gehiago: http://www.arababertsozale.org/#/albisteak/4559679012/Finalaurrekoak-definituta/4809793

Arabako bertsolari txapelketako 5. kanporaketa saioa gurean (... eta 3. zatia )




          Bosgarren eta azken kanporaketa, igandean, jokatu zen Arabako Errioxako Lantziegon. Bertan Oiongo Alazne Garcia aurkezle lanetan aritu zen eta lehenengo fase honetan epaile lanetan aritutako Patxi Aizpurua, Karla Santisteban eta Mikel Fernandez de Arroiabe hiru epaileen puntuazioa ondorengoa izan zen:
Manex Agirre (152,5 p.), Zigor Enbeita (151,5 p.), Juan Mari Juaristi (135,5 p.), Ainhoa Comas (129 p.), Iñaki Tena (127,5 p.), Xabi Rico (125,5 p.)


 

           Eskerrik asko Lantziegoko herriari bertsotan egiteko giro hori sortzeagatik. Gora Arabako Errioxa! Gora Txandrio bertso eskola.





2013/02/04

Arabako bertsolari txapelketako kanporaketa saioak (2. zatia )



          
           Arabako Bertsolari Txapelketaren 3.kanporaketa Agurainen jokatu zen. Lautadako Bertso-eskolako kideek kategoriazko afaria prestatu zuten. 70 entzule elkartu ziren eta afaldu ostean hasi ziren bertsolariak kantuan. Aintzane Irazusta gai-jartzaileak gidatutako saio honetan, Iker Olabarrietak, txapelketan debutanteak lan txukuna egin zuen. Jon Ruiz de Pinedo Zalduondotarrak Lautadako jarraitzaileen txalo beroak jaso zituen. Beraien papera ere ondo bete zuten, eta azkenean horrela gelditu zen sailkapena: Oihane Perea (152 p.), Felipe Zelaieta (145 p.), Ruben Sanchez (142,5 p.), Andere Arriolabengoa (142,5 p.), Iker Olabarrieta (128 p.), Jon Ruiz de Pinedo (117 p.).

         Oihane Perea irabazle izan zen Agurainen jokatutako kanporaketan, beraz, zuzenean sailkatuta finalaurrekoetara.

Informazio iturria: http://www.arababertsozale.org

Arabako bertsolari txapelketako kanporaketa saioak (1. zatia )

        Pasa dira Arabako bertsolari txapelketako bost kanporaketa saioak. Txandriotarroi dagokionez Lantenon, Agurainen eta Lantziegon genuen zita.

        Orlandok Lantenon izan zuen kanporaketan 50 bat entzule elkartu eta afaldu ostean hasi zen bertso festa. Nieves del Alamoren gidaritzapean maila txukuna erakutsi zuten bertan kantari ibili ziren sei bertsolariak.

         Behin saio puntuagarria bukatuta eta amaierako agurrak kantatuta azkenean horrela gelditu zen sailkapena: Asier Otamendi (157,5 p.), Xabi Igoa (147 p.), Unai Mendibil (145,5 p.), Orlando Arreitunandia (143,5 p.), Irati Anda (142,5 p.), Maria Izaga (128 p.). Beraz, Asier Otamendi zuzenean sailkatuta finalaurrekoetara eta besteak sailkapen orokorraren zain geratu dira.

Irati eta Orlando 8ko txikian Lantenon 



Informazio gehiago: arababertsozale.org

2013/01/23

Badator Arabako bertsolari txapelketa 2013 - Lotu!!

Aupa!!

            Badator Arabako bertsolari txapelketa. "Lotu!" lemapean aurten 30 bertsolarik parte hartuko dute. Gure "kuadrillari" dagokionez,  Orlando, Unai eta Iker sailkatu ziren irailean jokatutako aurre-kanporaketetan, beraz, hantxe izango dira Arabako Errioxako bertsolaritza defendatzen. "Txandrikokeriak" ez dira faltako aurtengo txapelketan.

           Hori gutxi balitz, Alaznek gai-jartzaile lanak egingo ditu otsailaren 3ean Lantziegon ospatuko den kanporaketan. Kanporaketen 5. saioan Unaik parte hartu eta Alazne gai-jartzaile eta kanporaketa saio guztietan Mikel epaile lanak burutzen ibiliko da... Animo neska-mutilak!!

          Orlandok lehenengo kanporaketan parte hartuko du urtarrilaren 25ean Lantenon eta Ikerrek otsailaren 1ean ospatuko den hirugarren kanporaketan Agurainen.

Informazio gehiago: Hemen

Asteburu honetan Orlandoren txanda izango da Lantenon, egurrra!!!